Asteazken honetan, maiatzak 1a ospatuko dugu Azkoitian kontzertu berezi bat eskeiniz, Bebarruko Jardunek programaren baitan. Bisita gidatu —eta musikatua— izango da langileen mugimenduarekin erlazioan dauden herriko hainbat puntuetatik, 10:00etan hasiko gara Matadeixen.

Kartelaren egilea: Alots Arregi

Ekintza: Azkoitiko langile mugimenduaren hastapenak
Eguna: 2024ko maiatzak 1
Ordua:10:00
Antolatzailea: Azkoitiko Matadeixe (Bebarruko Jardunak)
Gidoia eta partehartzaileak: Azkoitiko Matadeixe / Imanol Mujika / Txaranga Urretabizkaia

Maiatzaren lehenengoaren karietara, ibilbidea antolatu da herriaren hainbat toki enblematikotan geldiuneak egiteko, Azkoitiko langile mugimenduaren sorreran garrantzi handia izan zuten guneak eta gertakizunak ezagutarazteko asmoz. 

Imanol Mujika historialariaren azalpenak txandakatu ziren Txaranga Urretabizkaiak beren beregiz sortutako hainbat konposizio esperimental eta kontzeptual, tokian tokiko eta unean uneko egoeretarako egokituak. 

Hona hemen pieza horien deskribapen eta nolabaiteko azalpena: 

1 – Muntaia katea: 

Txaranga, eszenatokian paratuta, beren musika tresnen zatiak muntatzeari ekingo dio. Kide bakoitza pieza sorta batez arduratzen da, muntaia-kateen erara. Hitzik ere esan gabe, muntaketa horrek sorrarazten dituen soinuek eraikitzen dute soinu ekintza hau. 

2 – Lana:

Matadeixetik lehenengo geldiuneraino, “lana” hitza hartuta, hainbat kide bakoitza bukle ezberdin bat esateari, are ohikatzeari ekiten dio, guztien artean pieza sonoro mugikorra eraikiz hitz bakar horrekin. Publikoa inguratu eta ekintzan parte hartzea bultzatzen da, hitzarekin jolastera. Joxanton Artzeren olerkia du abiapuntu piezak. 

3 – Kalejira Tuba hori jarraitu ezazu

Hurrengo gunera joateko agindua: tubak lehenik eta ondoren bonbardinoak 3 nota  berdin egiten dituzte eta hiru isilune:  X  X  X _  _  _ (6 denbora, beraz)

isiluneetan, beste kideei egokituko zaie  1. espazioan, 2. espazioan edo 3. espazioan jotzea. baina beti hor. Inoiz nahiko balute, tuba eta bonbardinoaren lana egitera pasa litezke, eta tuba eta bonbardinoak ere, beste eginkizunera pasa litezke. Hori guztia egin behar da tenpoa galdu gabe, edo galduz gero berreskuratzen denon artean. 

4 – Urkiolegiren bertso berriak:

Auspoa sortan bildutako bertsoak abesteko pieza: 

Lan (LA notan) oinarritutako pieza: zortziko nagusiko pieza bakoitza nota bakar horretan (LAN) kantatuko da, melodia osoa nota bakar hori delarik. Hala ere, la izeneko nota tresna bakoitzean modu ezberdinean exekutatzen da, horrek eragiten du tonua aldaktzen joatea zenbait koplatan. Txarangako kideek zein parte-hartzaile guztiek abesteko prestatua, bertsoak paperean banatu baitziren.

5 – Gorria:

Langile mugimenduaren kolorean oinarritutako pieza. Kide bakoitzak gorri koloreko elementu bat bistaratzen duenean, tresna jo eta ziztuan hurbildu behar du elementu horretara, instrumentua gero eta baxuajo joaz. Isiltzean beste gorri bat bilatuko du. 

6 – Gomada:

Txaragako kideak elkar lotzen dute goma luzeak erabiliz. Gometan mugimenduarekin edota lurraren kontra jotzean soinua eragiten duten elementu kotidianoak lotuko dituzte. Buruan doan kideak aurrera egingo goma tenkatu arte, eta arrastaka daramatzan elementuak sonaraziz. Goma tenkatzean, tresnarekin nota bat jo eta  bigarren kideak aurrera egingo du, aurrean duen goma nasaituz baina atzean duena tenkatuz. Tenkatzean ere, nota bat joko du, atzekoa erakarriz. Autorregulatzen den pieza da hau, haize eta objektuetarako. 

7 – Instrumentu txikiak   

Eguneko azken pieza, ibiltaria hau ere. Txarangakideek beren tresnaz gain, askoz txikiagoa den bana eramango dute. Bakoitzak patroi bat hartuko du, nolabaiteko konposizio edo erabaki labur bat.

Pieza hastean, kide guztiek joko dute beren patroiak tresna txikiekin , batera. Baina bat-batean, kide batek aurrea hartuko du eta tresna txikiarekin “solo” bat egingo du besteak isilik dauden bitartean. Ondoren, kide guztiek joko dute beren patroia, baina tresna handiarekin. Bat-batean kide batek (edo gehiagok, aldi berean erabakiko balute aurrera egitea) soloa egingo dute tresna txikiarekin. Hau da, soloak beti instrumentu txikiekin izango dira eta horien artean  txaranga osoa arituko da bakoitzak dituen bi tresnak tartekatuz. Horrela egingo dute behin eta berriz, aurrera eginez, Matadeixen amaitu arte.

Categories:

Tags:

Comments are closed